Liburu hau diskurtsoaren eta praktikaren arteko espazio deserosoan bizitzeko gonbita da. Zientziak irakasteko modu hobeen bilaketa kontatzen duen bidaia-egunerokoa.
Ikasgelan aplikatutako 28 proposamenetan eta haien berrikuspenean, hainbat ikuspegi metodologiko lantzen dira: ikerketa, arrazonamendu zientifikoa, Proiektuetan eta Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza, Konponketa Sozio-zientifikoak eta Sasizientziak. Esparru teorikoak, haien aukerak, orientabideak eta jarduerak diseinatzeko eta aplikatzeko laguntzak deskribatzen dira.
Animaliatxo bitxi batzuk, enigma intrigagarri bat, globo aerostatiko bat eta aztarnategi arkeologiko bat dira, besteak beste, ikasgeletako espazio zalantzagarri eta menderagaitzerako bidaia honen eszenatokietako batzuk. Haietan, zalantzak, kontraesanak eta esperientziak erabiltzen dira metodologiek gaitasun zientifikoaren garapenari egiten dioten ekarpena praktikan aztertzen saiatzeko.
Izan ere, hezkuntza-aldaketa ez dago zientzien didaktikaren teorietan, ez eta eskolako gela eta laborategietako praktikan ere, baizik bi indar ikaragarri horien arteko talka lausoan.
Zientzia abentura kognitiboa da (edo izan behar luke).
Jordi Domènech Casal (Girona, 1976) biologian doktorea da, eta giza-zientzietan lizentziaduna. Zientzia-dibulgazioan eta genetikaren oinarrizko ikerketan urte batzuk eman ondoren, 2007-2008 ikasturtean hasi zen bigarren hezkuntzako irakasle-lanetan. Gaur egun, Granollerseko (Bartzelona) Marta Estrada Bigarren Hezkuntzako Institutuko irakasle da, eta irakasle elkartua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika sailean. Zientzien didaktikako artikulu ugari argitaratu ditu, eta zientzien irakaskuntzako Europako berrikuntza-proiektuetan parte hartu du, eta hainbat sari lortu ditu zientzia-dibulgazioko eta hezkuntza-berrikuntzako jarduerengatik. Hezkuntza berriztatzeko hainbat gunetan parte hartzen du (EduWikiLab, Betacamp, LIEC Taldea), eta zientzien irakaskuntzari buruzko ikastaroak eta mintegiak koordinatzen eta eskaintzen ditu.
Iraide Ongay Rodríguez (Bilbo, 1978) biologian lizentziaduna da. Nafarroako Urbasako Parke Naturalean, ibaien eraberritzean eta euskararen irakaskuntzan lanean urte batzuk eman ondoren, 2005-2006 ikasturtean hasi zen Bigarren Hezkuntzako irakasle-lanetan. Gaur egun, Burlatako (Nafarroa) Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko Askatasuna institutuko biologia eta geologia irakaslea da, eta irakasle elkartua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zientzia Esperimentalen Didaktika sailean. Zientzien irakaskuntzako berrikuntza-proiektuak koordinatzen ditu: besteak beste, ARGA proiektua eta STEAM lehen mailako ikasgelan. Aipatutako azkena Jordiren liburua irakurri ondoren ausartu zen mahaigaineratzera. Gaur egun, biak daude martxan.