Aralarko Mailoen azpian daude Betelu, Errazkin, Lezaeta eta Araitz bailarako sei herriak: Atallu, Arribe, Azkarate, Uztegi, Gaintza eta Intza. Nafarroako mendebalean, Gipuzkoako mugan, Tolosatik gertu daude. Alderdi horretako euskararen gramatika eta hiztegia bildu dira liburu honetan. Bereziki nabarmentzekoa da osatu den hiztegi zabala: 2.656 sarrera, 148 azpisarrera, 310 esapide, 171 esaera zahar eta 6 hitz-joko aurkezten dira. Ez eskualde honetan ez inguruetan, ez zegoen gisa horretako bildumarik. Koldo Zuazok, Mailopeko zenbait bizilagunen laguntzarekin, 2010-2013 bitartean egindako ahaleginaren emaitza da.
Koldo Zuazo (Eibar, Gipuzkoa) Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, Letren Fakultatean (Gasteiz).
Honako liburu hauen egilea da: Euskararen batasuna (1988), Euskararen sendabelarrak (2000), Euskara batua. Ezina ekinez egina (2005), Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta Tokiko batua (2006), Sakanako euskara. Burundako hizkera (2010), Arabako euskara (2012). Gaur egungo euskalkiak erakutsi ditu Euskalkiak, euskararen dialektoak liburuan (2008) eta euskalkien jatorriaz aritu da Los dialectos del euskera saioan (2010).