«Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuak» liburuak matematika-hezkuntzan generoak hartzen dituen formak arakatzen ditu, gaurko zein etorkizuneko hezitzaileen diskurtso, ekintza eta esperientzietan oinarrituz. Hala, matematika, hezkuntza eta generoa non eta nola gurutzatzen diren aztertzen du, autoreak ikasleekin partekatzen duen matematika-ikasgela hartuta agertoki nagusitzat.
Maila teorikoan, matematikaren eta generoaren arteko elkarreragin historikoen inguruko hausnarketa bat proposatzen du, baita matematikak zein matematikahezkuntzak gizarteen modernizazioan bete duten eginkizunaren ingurukoa ere. Maila metodologiko eta epistemologikoari dagokionez, matematikahezkuntzaren barruko genero-dinamiken ezaugarriak aletzeaz gainera, dinamika horiei aurre egiteko saiakerak nabarmentzen ditu. Maila enpirikoan, matematika-ikasgelako genero-topografien berri ematen duten lau ibilbide jasotzen ditu. Lehenengo ibilbidean, matematikak gizartean nahiz eskolan daukan pribilegiozko tokia problematizatzen du, eta, bigarrengoan, generoestereotipoek matematika-hezkuntzan dauzkaten presentziaren eta inpaktuaren berri ematen. Hirugarren ibilbideak matematika-ikasgeletan aurki daitezkeen partaidetza-eredu batzuk deskribatzen ditu, eta inklusiorako balazta ala akuilu diren ebatzi. Azkenik, matematika-hezkuntzan hutsegitea kudeatzeko zenbait moduk maskulinitate hegemonikoarekin dauzkaten loturak identifikatzen ditu laugarren ibilbideak, eta zaurgarritasunari leku egiteak eskaintzen dituen inklusio-aukerak esploratzen ditu, orobat.
Matematika-hezkuntzaren barruko genero-desberdinkerien ardura emakumeen gain kokatzeko joeren aurrean, Uzuri Albizuk foku-aldaketa bat proposatzen du kartografia-lan honetan, argudiatuz, matematika-hezkuntza inklusiboagoa izango bada, diziplina bera dela eraldatu beharrekoa.