Mutrikuko udaleko Hiri-antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) egiteko prozesuan laguntzeko helburua du txosten honek. Hala, prozesu horretan erabakiak hartzen laguntzeko tresna den heinean bertan agertzen diren emaitzak, ondorioak eta proposatutako neurriak ez dira behin-betikoak, izaera propositibokoak baizik.
Ebaluazio honetan Mutrikuko landa-eremuko lurren antolaketa eta sailkapen posible ezberdinak azalduko dituzten agertokiak planteatzen dira, eta horietariko bakoitzak garapen-bide jakin bat adieraziko du landa-eremuarentzat. Agertoki horiek mapen bidez islatzen dira, landa-eremuko lurrek eskaintzen dituzten erabileren artean trinkotasun maila ezberdinak planteatuz. Lan hori guztia egiteko orduan, txostenak bi ezaugarri nagusi batu ditu: alde batetik, ebaluazioaren izaera integratua, zeinaren arabera askotariko alderdiak uztartu dituen (landa-garapena, lurraldea, biodibertsitatea eta paisaia); eta, bestetik, ebaluazio-prozesu parte hartzailea, non alorreko eragile publiko zein pribatuen iritziak eta ikuspegiak jasotzen diren. Bi alderdi horiek sendotasuna ematen diote egindako lanari, eta, era berean, erabakitze prozesuan lan horrek bete dezakeen papera baliagarria ere izan daitekeela uste dugu.
Erabili den metodologia Irizpide Anitzeko Ebaluazio Soziala (IAES) da, zeina sistema sozioekologiko konplexuen testuinguruan sortzen diren arazoak aztertzeko baliagarria den; bereziki, erabakiak hartzeko, erabakirik egokiena laguntzen duen tresna da. Metodologikoki, sendoa eta kontrastatua da; eta erabilgarritasunari dagokionez, eraginkorra izan da kasu errealetan erabakiak hartzen lagundu baitu.