Digestio Aparatuaren Fisiologia eta Patologia liburuarekin aspaldiko grina betetzen da, medikuntza liburuak oinarrizko zientzietako eta arlo klinikoko irakasle eta espezialisten artean idaztea alegia. Elkarlan horren ondorioz datuak zehatzagoak izatea lortzen da, azalpenak koherentzia handiagokoak eta, oro har, gaiak aplikatuagoak gertatzen dira. Lan honen asmoa izan da profesionalentzat (gastroenterologo, barne medikutzako espezialista eta abarrentzat) nahiz medikuntzako ikasleentzat baliagarria izatea. Horrela, ikasleak hainbat ikasgaitan erabili ahalko du liburua: Fisiologia, Patologia Orokorra, Barne Medikuntza.
Lehen kapituluan elikaduraren eta digestioaren oinarriak azaltzen dira. Bertan eskaintzen dira, gainera, elikagaiei buruzko hainbat taula eta koadro gida modura. Izan ere, digestio aparatuaren jarduera mekaniko eta kimiko-entzimatiko suntsitzailearen ondoren, elikagai horiek gorputzak xurgatu eta erabiliko dituen oinarrizko gai bilakatuko dira. Arreta berezia hartzen du liburuan kolesterolaren arazoak.
Fisiologiaren arloan garrantzi handia dute honako gai hauek: listu guruinak, irenstea (hestegorriaren fisiologia eta fisiopatologia barne), gibel eta pankreasak osatzen duten multzo morfofuntzionala, eta digestio aparatuaren mugimendu-jarduera, bereziki urdaila hustea eta urdailak nahiz heste meharrak osatzen duten migrazio mugimenduen konplexua (6. eta 17. kapituluak). Arreta bereziz aztertu dira 4. eta 14. kapituluetan urdail-digestioa eta hesteetan gertatzen diren digestio eta xurgapen prozesu konplexuak. 16. kapituluan, berriz, hesteetako bakterioek bideratzen duten digestio entzimatikoa eta digestio-aparatuko immunitate arazoak aztertu dira. Gai horietan ugari dira neuropeptido, neurotransmisore eta urdail-hesteetako hormonei buruzko berrikuntza eta aurkikuntzak. Gainera, zabal aztertzen da nerbio sistemari dagokiona, sistema hori baita digestio-aparatuaren jarduera erregulatzen duena. Oro har, luze eta zabal azaltzen dira gaiak eta irudi nahiz grafiko ugari eskaintzen da liburuan zehar.
Patologia arloan, miaketa eta diagnostikorako metodo ugariez gain, hainbat gai azaltzen dira: urdail-hesteetako ultzerak, hestegorriko gaitzak, gibel eta pankreaseko arazoak, portako zirkulazioa eta hipertentsioa, urdail-hesteetako diskinesiak, idorreria eta beherakoak, peritonitisa eta digestio aparatuko odoljarioak. Azken kapituluan, 21.ean, urdail-hesteetako hormonak aztertzen dira, ikuspuntu fisiologiko eta patologikotik.