Kirol-errendimendu maximoa lortzea da kirolari guztien xedea, zeinahi mailatan dihardutela ere. Helburu hori lortzeko, lan-prozesu zorrotz bat bete behar dute; prozesu horri, hain zuzen ere, prestakuntza edo entrenamendu deitu ohi diogu.
Eredu militarra gurera ekarriz, «kirol-estrategia» egoki bat prestatu beharra dago, kirol-errendimendu maximoa lortzeko -estrategiatzat hartuz unean-unean erabaki egokiena hartuko dela bermatzen duten arauen multzoa-. Kasu jakin guztietan, zabalak eta konplexuak izaten dira kirol-estrategia horretan bat egiten duten alderdi guztiak.
Kirolaren munduan erabiltzen den hizkera arruntean ohikoa da «prestakuntza» eta «entrenamendu» hitzak ez bereiztea. Gure ikuspegitik, ordea, bi hitzak berdin–tsuak badira ere, badute eduki-mailako alderik, nahiz eta entrenamenduaren teorialari batzuek sinonimotzat jotzen dituzten. Matveiev-ek (1985), esate baterako, honela definitu zuen kirolariaren prestakuntza: «Alderdi anitzeko prozesu bat da, non faktore guztiak (baliabideak, metodoak, formak eta baldintzak) modu arrazionalean erabiltzen baitira, kirolariaren eboluzioan artezki eragiteko eta goi-mailako kirol-markak lortzearren beharrezkoa den gaitasun-maila ziurtatzeko».
Kirola enpresaren ikuspegitik aztertuz gero, oinarrizko zortzi printzipio ezarri behar dizkiogu entrenamenduari: ekimena, langileen arteko elkartasuna, lan-banaketa, aginpidea eta erantzukizuna, diziplina, aginte-batasuna, zuzendaritza-batasuna (programa bakarra) eta zentralizazioa. Kirol-entrenamendu modernoa zer den ulertzeko oinarrizko printzipioetako bat da zentralizazioa; hala, kirolariaren prestakuntzaren unibertso txiki eta, aldi berean, konplexu horren muina da.